XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bolant-Dantza
AURITZ (Naf.)
Bolanteguna, Luzaiden, Bazko egunean edo hurrengo igandean ospatzen da, nahiz eta aintzinatean Ihauteriak aldera egiten zela ematen duen.

Segizio oso bat antolatzen da eta, dena jerarkizatua dagoelako, gehiago ematen du desfile militar bat ezen ez Ihauterietako ospakizun bat.

Hamar edo hamabi pertsonai tipo desberdin ateratzen dira bai beren janzkeran eta baita beren kategoria edo zereginetan ere; baina hauetako batzuk suntsitu egin dira gaur eguneko bizimoduarekin.

Meza entzun ondoren, Arnegira (Naf. B.) bisita bat egiten dute eta gero Luzaidera itzultzen dira, duten dantza-zerrenda osoa bertan dantzatzeko.

Makilaria
AURITZ (Naf.)
Dantza hauek nahiko modernoak diren arren, eta majoreten mugimenduak gogoratzen dizkiguten, beren nortasun propioa dute.

Dantza bera, makilari bakoitzak bere gogara, hots, nahi duen bezala, mugimendu eta birasail bat egitean datza, baina erritmoa galdu gabe ordea, ez eskuetan, ez hanketan eta ezta makilan ere.

Dantza honen goren puntua, makilariak bere makila ahalik eta altuen gora bota eta, beti biraka, berriro lurrera erori gabe eskuan hartzen duenean gertatzen da.

Dantza hauek tipikoak dira Nafarroa Beherean eta Luzaiden (Naf.).

Zapurrak bolant-Dantzan
AURITZ (Naf.)
Zapurrek ez dute beti zenbaki bera osatzen segizioetan, eta armada bateko hobigileak, zapadoreak direla ematen du.

Zapurren atzetik zigantiak (erraldoiak) eta bi gorri nabaritzen dira.

Azken hauek eramaten dituzte ezpatak eta poltsa bat eskuan, dirua biltzeko, zeren berak bait dira taldeko arduradunak.

Egiten dituzten dantzak jauziak dira: bakoitzak bere aldetik dantzatzen du eta kopuru finko bat eratu gabe, eta erreska zuzenetan baino gehiago korroan egon ohi dira.

Jauzien tipo berekoak dira Baztango mutil-dantzak ere.

Lakuntzako alkate-dantza
LAKUNTZA (Naf.)
Beste dantza mota bat ingurutxoa da, horrela deitua dantzari gutxi edo gehiago korroan ipintzen direlako.

Ez dute dantzari-kopuru finkorik eta painueloen bidez lotzen dira elkarrekin edo parejatan.

Lakuntzako alkate-dantza urtean bi aldiz bakarrik dantzatzen da: herriko zaindariaren egunean, Urtarrilaren 20an: San Sahastiñe, San Sebastian egunean eta Korpus egunean.

Egun honetan mutilak elkarrekin makila batzuen bidez lotuta ateratzen dira segizioan.

Xehetasun honengatik autore batzuek ezpata-dantza bat gehiago bezala kontsideratzen dute dantza hau.